Albisteak
BISITAK Topoaren geltoki berrietara Amaran, Bentaberrin eta Kontxa-Zentroan
Herritarrek urriaren 8tik aurrera eman ahal izango dute izena urriaren 19tik azaroaren 5era Donostiako lurpeko saihesbide berria ezagutzeko
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak urrian eta azaroan herritarren bisitak antolatu ditu Donostiako Topoaren lurpeko hiru geltoki berrietara: Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa. Ostegun honetatik aurrera, urriak 8, eta plaza guztiak bete arte, izena emateko epea irekiko da interesdunentzat. Bisitetan Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko teknikarien eskutik zerbitzu publikoari buruzko informazioa jasoko dute.
Izena aurrez aurre eman ahal izango da, 08:30etik 14:30era, Euskal Trenbide Sareko Herritarren Arretarako Bulegoan (Topogune), Amarako geltokiaren atarian, 680 564 204 telefonora deituz edo artikulu honetan bertan eskuragarri egongo den online formularioaren bidez.
Izena emateko honako datu hauek aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, adina, NAN eta harremanetarako telefonoa eta/edo helbide elektronikoa, eta, aldi berean, zein geltoki bisitatu nahi duten eta eguna eta ordua adieraziko dituzte.
Lehenengo bisita-txandak Amarako geltoki berrian izango dira (Autonomia kaletik sarbidea), urriaren 19an, 20an eta 21ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Ondoren, bisitak Bentaberrira lekualdatuko dira urriaren 27, 28 eta 29an, eguneko hiru txandatan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Azkenik, herritarrek Kontxa-Zentroko geltoki berria ezagutzeko aukera izango dute azaroaren 3an, 4an eta 5ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan.