Albisteak

ETSk 'Berria eta betikoa: XXI. menderako Topo berria' jardunaldia antolatu du abenduaren 2rako

  • Tabakaleran egingo den topaketan, Topo berriaren gakoak, Gipuzkoako mugikortasunean duen eragina eta hiri-eraldaketarako elementu gisa duen eginkizuna aztertuko dira

 

Topo berria martxan jarri eta hamar egunera, Tabakalera nazioarteko kultura garaikidearen zentroa izango da abenduaren 2an 'Berria eta betikoa: XXI. menderako Topo berria' jardunaldiaren agertokia. Gizarte osoari irekitako topaketa da, azken hamarkadetan Gipuzkoan izan den mugikortasun-proiektu garrantzitsuena sakon ezagutzeko.

Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak antolatutako hitzorduak erakundeetako arduradunak, ingeniaritzako, trenbide-plangintzako, mugikortasun jasangarriko eta hiri-garapeneko adituak eta Iberiar penintsulako metropoli-operadore nagusietako batzuen ordezkariak bilduko ditu.

200 lagun baino gehiago bertaratuko diren jardunaldi osoan zehar, Topoaren eraldaketa ahalbidetu duten alderdi teknikoak, sozialak eta lurraldekoak aztertuko dira, bai eta milaka erabiltzaileren konektibitateari eta bizi-kalitateari ekarriko dizkien onurak ere.

Jardunaldia 9:30ean hasiko da, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak egingo duen irekiera instituzionalarekin.

Ondoren, Julián Ferraz ETSko zuzendari teknikoak, Pedro Sola aholkulari eta geoteknian adituak eta Sonia Padilla eskari-azterlanetan espezializatutako aholkulariak erronka teknikoak, eraikuntza arloko berritasunak eta jarduketa estrategiko hori bultzatu zuten arrazoiak aztertuko dituzte.

'Hiri-birsortzea Topoaren bidez' izeneko bigarren mahaiak trenbide-azpiegiturek hirietan duten eraldatzeko gaitasuna izango du ardatz. Antonio López ETSko zuzendari nagusiak, Juan Carlos Monge, Adifeko azpiegitura-proiektuen zuzendariak nagusiak, eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak hartuko dute parte.

Goizeko bigarren blokea beste metropoli-sare batzuetako arrakasta-kasuei eskainiko zaie, eta plangintzari, jasangarritasunari eta ahalmen handiko trenbide-garraioko sistemen sendotzeari buruzko esperientziak partekatuko dituzten Valentziako Metroko, Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunyako, Malagako Metroko eta Portoko Metroko arduradunek hartuko dute parte.

Arratsaldeko egitaraua sarearen funtzionamenduari eta historiari eskainiko zaio. 'Topoaren bihotza. Nola funtzionatzen du?' saioan, ETSko eta Euskotreneko ordezkariek zerbitzua kudeatzeko aukera ematen duten gako operatibo eta teknologikoak azalduko dituzte. Estíbaliz Mendizabal ETSko Instalazioetako zuzendariak, Kike González ETSko Zirkulazio zuzendariak eta Yon Andoni Pérez Euskotreneko Antolaketa, Operazio eta Plangintzako zuzendariak hartuko dute parte.

Azkenik, 'Betiko Topoa: betidanikoa' mahaiak euskal trenbideari begirada historikoa eta gizatiarra emango dio, Juanjo Olaizola Burnibidearen Euskal Museoko zuzendariaren, Kike González ETSko Zirkulazio zuzendariaren eta Iñaki Arrizabalaga Renfeko tren-gidariaren eskutik. Itxiera 17:00etan izango da, eta Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailburuordearen eskutik etorriko da.

Azken batean, 'Berria eta betikoa: XXI. menderako Topo berria' jardunaldiari esker, lurraldean mugitzeko modua eraldatzera deituta dagoen proiektuaren irismena zuzenean ezagutu ahal izango da, berrikuntza, hiri-integrazioa eta Gipuzkoako mende bat baino gehiagoko trenbide-sarearen nortasuna uztartuz. Izena emoteko epea zabalik dago www.ets-rfv.euskadi.eus web orrialdean.