Albisteak

ETSk bihar lizitatuko ditu Topoaren Mirakontxa-Easo tarteko lanen 2. fasea

 - Trenbide saihesbidearen obrak amaitzea ahalbidetuko duen proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko aurrekontua eta 40 hilabeteko egikaritze-epea ditu

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak argi berdea emango die bihar topoaren Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren 2. faseko lizitazioari.

Mirakontxa-Easo tartea (2,1 km), 2017ko amaieratik eraikitzen ari den Lugaritz-Easo trenbide saihesbidearen 4,2 kilometroko tarte bat da. Lizitaziora atera den proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioa eta 40 hilabeteko epea ditu, eta jatorrizko proiektuan jasotako eta oraindik gauzatu gabe dauden obrak amaitzeari helduko dio.

Mirakontxa-Easo

Proiektu berriak, orokorrean, Kontxako hondartzaren eta Easo plazaren inguruaren arteko lineako tunelaren 400 metro inguruko hondeaketa hartzen du barne, eta baita Erdialdea-Kontxan eraikiko den geltokiko haitzuloa eta haren sarbideak eta aireztapenak ere. Horietako batzuen parte bat dagoeneko eginik dago. Lanen eragina jasaten duten zerbitzuen parte bat lehengoratzea ere sartuko da lanetan.

Era berean, Easoko haitzuloa, bertako sarbideak eta aireztapenak egikaritzearen hainbat fasetan daude. Zehatzago esanez, dagoeneko amaitu dira indusketa eta euspen lanak eta iragazgaiztearen zati bat. Autonomiako kanoia oso aurreratuta dago eta Osasun kaleko igogailuaren putzua ere egin da.

Lehen kontratua bertan behera uzteko arrazoiak, funtsean, bi izan dira: alde batetik, Morlanseko arrapalatik erasotzen den fronteko eraikuntza lanen aurrerapenean, harri iragazkorra hauteman zen. Horregatik, aurrera egiten jarraitu aurretik, lurra iragazgaiztea beharrezkoa zela erabaki zen, tunelaren klabearen gainean tratamendu espezifiko bat eginez, haren erresistentziarako gaitasuna hobetzeko.

Bestalde, zundaketetan aurreikusitakoa baino ur gehiago eta harkaitz porotsuagoa zuen lursail baten ondorioz Zubietako 8 zenbakiko eraikinaren oinetan joan den ekainean sortu zen zuloa, faseka tratatu, finkatu eta bete behar izan da.

Bi kasuetan, aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak dira. Gorabehera horien kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta, ondorioz, ezin zen beste erabakirik hartu.

Jatorrizko kontratua eta onartutako aldaketak oinarri hartuta azaroaren 30ean eginik zeuden lanek 31,8 milioi euroko balioa zuten, eta kontratak egiten jarraituko dituen lanek 3,5 milioi euroko balioa izango dutela aurreikusten da: guztira, 35,3 milioi euro.

Aurreikuspenen arabera, kontratu berria maiatzean esleituko da. Bitartean, lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan, gerta daitezkeen gorabeherak saihesteko. Ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan aldaketak eragingo dituzten gainazaleko obrak egiten ere jarraituko da.